Hasiera

AMPO kooperatibaren diru-laguntzak TOBERAren ekintzak posible egiten ditu

Ampo balbulak fabrikatzen eta saltzen dituen kooperatiba da, eta bere egoitza soziala Idiazabalen dago. Hortik gertu, Zegamako, Segurako, Zeraingo eta Mutiloako TOBERA Musika-eskolak 4 herri horietan musikaren arloan egiten duen kultura- eta gizarte-jarduera aintzat hartuta, kooperatibako Kontseilu Sozialak gure ikastegiari diru-laguntza ematea erabaki du aurten bosgarren urtez. Izan ere, musika-eskola ez da mugatzen irakaskuntzaren barruan eskolak ematera, eta hainbat ekimen egiten ditu propio Goierriko 4 herriotako kultura-bizitza suspertzeko. Ongi asko daki Ampok zein garrantzitsua den ingurune sozial eta kultural aberatsa izatea kooperatibaren beraren arrakastarako, eta, aberastasun horretan, zalantza gabea da musikaren funtzioa.

Esandakoaz gain, herrietako ohiko ekintza popularrak musikaz laguntzen ere, ekarpen baliotsua egiten du urtero TOBERAk. Horiekin jarraitzea bultzatu nahi izan du Ampo kooperatibak, eta TOBERAk aurrez aurre dituen erronkei erantzun egokia eman diezaien laguntza eskaini du, bide batez. Esan bezala, Ampok sinesten du bera kokatuta dagoen ingurunea zenbat eta bikainagoa izan, orduan eta bikainagoa izango dela enpresa bera ere. Ampo kooperatiba-elkartearen inguruko informazio zabalagoa kontsulta dezakezue hemen.

TOBERA Musika-eskolak apustu garrantzitsua egiten jarraitzen du, tarifa apaletan, musikaren irakaskuntza kalitatez eta profesionaltasunez eskaintzeko. Zerbitzu publikoaren izaera errotua duen erakundea da TOBERA. Ampo kooperatiba-elkartearen diru-laguntza bera ere, TOBERAren gizarte-, kultura- eta hezkuntza-dimentsioak indartzera etorri da beste behin. Eskerrik asko!