Hasiera

2020/2021 ikasturtea, prest!

Eskerrik asko 2020/2021 ikasturtean TOBERAn izena eman duzuen guztioi. Ikasle berriak izango zaituztegunei, ongi etorri! Zailtasunak zailtasun, aurreko ikasturtean izandako izenemate-kopurua berdindu dugu, eta hori ongi egindako lanaren emaitza da. Izan ere, nahiz eta ikasturte-amaiera gogorra izan dugun, majo saiatu da TOBERAko lantaldea bere zeregina txukun eta profesionaltasunez egiten, eta hori ederki asko apreziatu eta baloratu dute herritarrek, ikasleek eta familiek.

Dagoeneko erabakita daude taldetzakatzeak eta ordutegiak musika-hizkuntzan eta euskal dantzatan, eta familia guztiei jakinarazi zaizkie. Zegaman eta Seguran argitaratu dira, musika-eskolaren egoitzetan, uztailaren 20an. Kontuan izan irailaren 8an, gauzak ongi bidean, bakarkako irakasgaietako (instrumentuetako) ordutegiak jasotzera etorri beharra daukatela ikasleek Segurara eta Zegamara, musika-eskolara. HEMEN duzue ikusgai 2020/2021 ikasturterako eskola-egutegia (klikatu gainean). Musika-taldeak, azkenik, irakasleek osatuko dituzte eta beraiek jarriko dira interesatuekin harremanetan asteko entseguak hitzartzeko. Dena den, gure ikasleetako inork gure taldeetan parte hartu nahiko balu (konbo-taldeak, trikiti/pandero/perkusio-taldea, txistu-taldeak...), jar dadila harremanetan gurekin.

2020/2021 ikasturteari buruzko xehetasunak eta gogorarazpena e-mailez eta posta arruntaz bidaliko dizkiegu familiei abuztuaren bukaeran.

Bestalde, jakin badakigu 2020/2021 ikasturtea ere ez dela ikasturte 'arrunta' izango. Ditxosozko koronabirusak eragina izaten jarraituko du. Hori dela eta, musika-eskolaren printzipioak biltzen dituen protokoloa eta kontingentzia-plana eginak dauzkagu musika-eskolan: helburuak, babes-neurriak, espazioen antolaketa, kuoten trataera, hezkuntza-modalitate posibleak, jarraibide-sorta zehatza, e.a. 2020/2021 ikasturtean gurekin egongo diren ikasle guztiei eta beren familiei bidali diegu dokumentazioa, baina xehetasun guztien berri izan nahi baduzu, eska iezaguzu txostena eta atseginez helaraziko dizugu.

2019/2020 ikasturtearen azken zatia zaila izan da, eta lana gogotik egitea egokitu zaigu guztioi. Ahalegin handi horri saria emango diogu: irailean ikasle bakoitzari eskola-agenda bana emango diogu opari (klikatu gainean digitalki ikusteko), propio eta esklusiban TOBERArako diseinatutakoa.

Ederki merezitako oporraldiaz bete-betean gozatzea dagokigu orain. Elkar ikusi arte, ongi izan!