Hasiera

AMPO kooperatiba TOBERAren laguntzaile. Bejondeiola!

Ampo balbulak fabrikatzen eta saltzen dituen kooperatiba da, eta bere egoitza soziala Idiazabalen dago. Zegamako, Segurako, Zeraingo eta Mutiloako TOBERA Musika-eskolak 4 herriotan musikaren arloan egiten duen kultura- eta gizarte-jarduera aintzat hartuta, kooperatibako Kontseilu Sozialak gure ikastegiari diru-laguntza ematea erabaki du aurten laugarren urtez. Izan ere, musika-eskola ez da mugatzen irakaskuntzaren barruan eskolak ematera, eta hainbat ekimen egiten ditu propio Goierriko 4 herriotako kultura-bizitza suspertzeko. Herrietako ohiko ekintza popularrak musikaz laguntzen ere, ekarpen baliotsua egiten du urtero. Horiekin jarraitzea bultzatu nahi izan du kooperatibak, eta TOBERAk aurrez aurre dituen erronkei erantzun egokia eman diezaien laguntza eskaini du, bide batez.

Ampok sinesten du bera kokatuta dagoen ingurunea zenbat eta bikainagoa izan, orduan eta bikainagoa izango dela enpresa bera ere. Ampo kooperatiba-elkartearen inguruko informazio zabalagoa kontsulta dezakezue hemen.

TOBERA Musika-eskolak apustu garrantzitsua egiten jarraitzen du, tarifa apaletan, musikaren irakaskuntza kalitatez eta profesionaltasunez eskaintzeko. Zerbitzu publikoaren izaera errotua duen erakundea da TOBERA. Ampo kooperatiba-elkartearen diru-laguntza bera ere, TOBERAren gizarte-, kultura- eta hezkuntza-dimentsioak indartzera etorri da beste behin. Eskerrik asko!