Hasiera

Ikasleen musika-jaialdi jendetsuak egin berri ditu Toberak. Ikusi hemen argazki-bilduma!

10 dira Mutiloako, Segurako, Zegamako eta Zeraingo musika-eskolak ekainean parte hartu duen ekintzak.

Ekainaren 20an eta 21ean musikaz bete ziren Segurako eta Zegamako plazak. Osagairik apenas falta zitzaien Tobera Musika- eta Dantza-eskolako ikasleen ikasturte-bukaerako aurtengo jaialdiei. Bi egun horietan dohainik izan zituzten ikasleek Segura eta Zegama artean autobusez joan-etorria egitea. Instrumentuko 2. mailako proba gainditu duten ikasleek jendaurrean jaso zuten Diploma, eta Musika-hizkuntzako zikloa bukatu dutenek ere horren egiaztagiria jaso zuten jaialdietan. Kontzertuak afari-merienda eginda bukatu ziren.

Segurako kontzertua 20an izan zen, herriko jai-egitarauaren barruan. Trikiti, pandero eta perkusioko ikasleek kalejira egin zuten musika-eskolaren egoitzatik kontzertu-guneraino. Ken Zazpi, Sorotan Bele, Zetak, ETS eta antzeko euskal taldeen kantek hartu zuten kontzertuan nagusitasuna, nahiz eta konpositore klasikoek eta betiko euskal doinuek ere osatu zuten egitaraua. Herri-abestiei dagokienez, 'Aldapeko' kantak ia 30 partaide bildu zituen agertokian. Segurako kontzertua bukatzeko, musika-eskolako taldeetako bat den Ttak taldeak 'Maravillas', 'Aitormena', 'Laztana', 'Lokaleko Leihotik' eta 'Katedral Bat' jo zituen. Urtarrilean bertan hasitako taldea da Ttak, eta hau bere bigarren emanaldia izan zen, martxoan Segurako adinekoen egoitzan jo eta gero.

Zegamako kontzertua, berriz, 21ean izan zen, musikaren nazioarteko egunean. Kasu honetan ere, girotze-kalejira egon zen kontzertuaren aurretik. Euskal dantzetako koreografiek abiatu zuten saioa, 20 dantzariko talde zabalarekin. Amaieran, ikasle helduek osatzen duten Musika Elkarrekin taldeak 'Tabernako Argiak' eta 'Ez Gara Galdu' piezak jo zituen.

Ekaina bukatzerako ia hamar ekintza publikotan arituko dira Toberako musika- eta dantza-ikasleak. Uztailean jubilatuen-eguneko arku-egitea eta abuztuan Zegamako jaietako agintarien soka-dantza, dantza-saioa eta buruhandi eta erraldoien kalejira izango dituzte besteak beste, gainera. Eta irailaren 5ean ikasturte berri bati emango diote hasiera. Kateak etenik izan ez dezan.

 

Ikasturte-bukaerako musika-emanaldietan ateratako argazkiak HEMEN ikusi eta deskarga ditzakezue. Eskerrik asko guztioi!