Hasiera

"Musika elkarrekin": taldean elkartu, modu informalean, musika jo... eta gozatu! Probatu nahi duzu?

Taldean, modu informalean, presiorik eta konpromiso zailik gabe, lagunartean eta naturaltasunez, zure antzeko kideekin elkartu eta musika jo eta abestuz gozatu nahi al duzu? 'Musika elkarrekin' izena du zuretzat prestatu dugun planak.

Berdin da zenbat dakizun musikaz, nola abesten duzun, zer maila duzun instrumentua jotzen… TOBERAko ikasle izan zinen aspaldi, gaur egun zaren ala sekula izan ez zaren. Musikazalea bazara, nahikoa da horrekin. Zatoz!

Astean ordu-erdiko praktika-saio laburrak egingo ditugu. 2 talde osatu berri ditugu. Musika-instrumentu desberdinak nahastuko ditugu talde bakoitzean, eta talde txikiak izango dira biak. Partaideek gustuko dituzten abestiak jotzera iritsi, musikaren teoria errepasatu, elkarrekin eta elkarrengandik ikasi... dira saioek izango dituzten helburuak. Aparteko anbiziorik gabe; partaideen aukeren eta nahien arabera beti.

Martxoan 'Musika elkarrekin' proiektuaren ezagutarazten-kanpaina egin genuen TOBERAko hezkuntza-komunitatearen eta herritarren artean, eta apirilaren 13an lehenengo aurkezpen-bilera egin genuen Zegaman, interesatuetako batzuekin zenbait gai argitu eta lotzeko. Apirilaren 19ko astean hasi ditugu lehenengo entseguak. Ekainaren bukaera-bitarte egingo dugu proba, sentsazioak neurtzeko. Tarte horretan, partaideek ez dute ezer ordaindu beharrik izango, gainera. Informazioa nahi duenak, lasai asko, musikaelkarrekin@tobera.org helbidera idatz dezake.