Hasiera

Musika-tresnak bertatik bertara ezagutzeko saioak ikasleentzat

Apirilaren bukaeran 2021/2022 ikasturteko matrikula egiteko epea hasikoa da. TOBERA Musika-eskolan gaur egun ikasle diren ikasle askori instrumentua aukeratzea egokituko zaie orduan, irailetik aurrera instrumentu hori jotzen ikasten hasteko. Baina, nola ziurtatu konforme egongo garela aurrerago ere orain aukeratuko dugun musika-tresnarekin?

Erabakia ahalik eta egokiena izan dadin, ez dago ikasleei eurei TOBERAn irakasten diren instrumentuak zuzenean ezagutzera ematea bezalakorik. Horretarako, apirilean zehar, ziklo bat antolatu dugu beraientzat. TOBERAn aukeran dituzten musika-tresna guztiak ikusi eta entzun ahal izango dituzte hala. Instrumentu bakoitzeko irakasleak berak azalduko dizkie ikasleei instrumentuaren ezaugarriak, jotzeko modua, soinua, e.a. Galderak ere egin ahal izango dituzte ikasleek, eta, gainera, instrumentua probatzeko aukera ere izan lezakete, osasunaren segurtasunaren aldetik bidezkoa bada.

Saio hauek musika-hizkuntzako eskoletan egindako lanketaren osagarri izango dira.

Albiste honekin batera doan argazkian zeharkako txirularen erakustaldian ateratako argazkia duzue ikusgai.

Maiatzaren 23ra arte izango da aukera 2021/2022 ikasturterako matrikula egiteko. Online egingo da izenematea, webgune honetan bertan. Ordurako, ikasleek erabakia askoz argiago izango dutela zalantzarik ez dugu! Hainbeste dago aukeratzeko, ordea, eta hain erakargarria guztia...!! ;-)