Hasiera

Otsailaren 8-9ko asteburuan egingo den piano-jaialdirako ari dira prestatzen TOBERAko 16 ikasle

Andoaingo Piano-jaialdiaren 15. edizioa egingo da otsailaren 8ko eta 9ko asteburuan, Andoaingo Bastero Kulturgunean. Urtero hartu izan dute parte jaialdi horretan TOBERAko piano-ikasleek, eta aurten ere hala izango da.

A mailan (11 urte-artekoetan) gure 8 ikasle arituko dira, B mailan (14 urte-artekoetan) 5 eta C mailan (18 urte-artekoetan) 3. Guztira, beraz, 16 dira jaialdirako prestatzen ari diren gure ikasleak. Aurreko urteetan emaitza oso onak eskuratuta itzuli izan dira ikasleak jaialditik, eta, aurten gutxiago izan ez dadin, gogor ari dira lan egiten azkeneko asteotan, beren irakaslearekin batera. 800 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte aurtengo jaialdian. Ohikoa denez, gainera, ikasleen partaidetza jaialdi eta lehiaketetan bultzatzeko, TOBERA Musika- eta Dantza-eskolak jaialdiko izenemate-kuotaren erdia ordainduko die 16 ikasleei.

L. van Beethovenen jaiotzaren 250. urteurrena ari garenez ospatzen aurten, hura omentzeko Sari Berezia antolatu du jaialdiak, haren obren interpreteen artean. Gainera, jaialdiaz beraz gain, otsailaren 7an, Francisco Escudero Musika-kontserbatorioko orkestra sinfonikoaren kontzertua izango da, piano-bakarlarien protagonismoarekin; eta 8an 2019an piano-modalitatean Euskadiko musikari gazteen lehiaketa irabazi zuten piano-jotzaileen kontzertua egongo da Bastero kulturguneko auditorioan. Igandean, 9an, sariak banatu ondoren, amaierako kontzertua izango da. Hortaz, egun beteak izango dira horiek guztiak pianoaren zaleentzat. TOBERAko ikasleek Seguran eta Zegaman entzunaldi bana egingo dute martxoan, jaialdirako prestatutako obrak herritarren aurrean erakusteko.