Hasiera

TOBERA: irekia, gardena eta partaide

Zuzendaritza-batzordea berritzeko prozesuan dago uneotan TOBERA Musika- eta Dantza-eskola. Zer esana duen edonor izango da ongi etorri Zuzendaritza-batzordea osatzera.

Ikasleen familien ordezkariak, ikasle adin nagusiak eurak, udaletako ordezkariak eta eskolako zuzendaria dira erabaki-gune hori osatzen dutenak. Horrek egiten du foro hori anitz, aberasgarri eta erabakigarri.

Zuzendaritza-batzordea berrosatzeko, ordea, prozesu antolatua darabil musika-eskolak. Hasteko, boluntarioak jasotzeko epea dago irekita otsailaren 18ra arte. Horrekin batera, otsailaren hasieran, hautagaien behin behineko zerrenda jakinarazi zaie bazkide guztiei. Zerrenda horri alegazioak aurkezteko epea dago 2024/02/18 bitarte. Ondoren, hautagaien behin betiko zerrenda konfiguratu eta jakinaraziko du TOBERAk, 2024/02/20an. Jarraian, botoa aurrez aurre emateko deialdia egingo da, 2024/02/27rako. Eta, azkenik, martxoan egingo den Bazkideen Batzar Orokorrak berretsiko ditu kideak, Zuzendaritza-batzordeak berak proposatuko duelarik kideen funtzioen eta arduren banaketa.

Urrats horiek guztiek prozesuaren gardentasuna bermatuko dute. Urtero berritzen da partzialki eskolaren erabaki-organo garrantzitsu hori, eta ikasleen bizileku den herriaren haztapenaren arabera erabakitzen dira herri bakoitzeko ordezkari-proportzioak. Mutiloako, Segurako, Zegamako eta Zeraingo Udalek etengabeko ordezkaritza dute bermatuta. Hala, guztiok eta guztientzat izango den eskaintza osatzen jarraituko du TOBERAk.