Hasiera

18 urte eta gero, Estatutuak berritu ditu Musika-eskolak

Zegamako, Segurako, Zeraingo eta Mutiloako Tobera Musika-eskolak Bazkideen Batzar Berezia eta Orokorra egin zituen otsailaren 24an Seguran. 18 urtetik gorako ikasleak eta adin txikikoen familiak dira bazkide musika-eskolan; ehun familiatik gora, guztira. Izan ere, Tobera guraso-elkartea da, eta familiak dira musika-eskolan erabakiak hartzen dituztenak. Hain zuzen ere, familien eskariz, Ezohiko Batzarra egin eta Estatutuak berritu ziren. Estatutu berrien arabera, aurrerantzean, Zuzendaritza-batzordean ordezkari izateko baldintzak desberdinak izango dira. Batetik, hautagaiak bi zerrendatan banatuko dira: batean Zegamako familiak eta adin nagusiko ikasleak joango dira, eta bestean gainerako herrietakoak. Orain arte, ezkontide bakoitzak aparteko trataera bazuen ere, hemendik aurrera, familia-unitatea da kontuan hartuko dena, bai Zuzendaritza-kideak hautatzeko botoa emateko, bai ordezkari izateko. Zuzendaritza-kide izan ez den familia-unitaterik dagoen bitartean bazkideen artean, izan direnak salbuetsita geratuko dira. Halaber, beste eskolaren batean jada ordezkaritza duten familiek ere (adibidez, herri-eskolako guraso-elkartean badabiltzanek), musika-eskolarako hautatuak izanez gero, uko egiteko eskubidea izango dute. Estatutuak goitik behera aldatu badira ere, horiek dira testu berriak dakartzan berritasunik nabarmenenak. Gainerakoan, lege-beharkizun berriak barneratu behar izan dira erredakzioan eta egungo funtzionamendu-ereduari egokiagoak zaizkion egokitzapenak sartu zaizkio. Eskolako webgunean 3 hilabetez kontsultatzeko moduan egon eta gero, Ezohiko Batzarrak aho batez onartu zituen Estatutu berriak. 1997ko martxoaren 4koak dira orain arte indarrean izandako arauak. Laster, Elkarteen Erroldan proposamen berria inskribatu eta ofizialak izango dira asteartean erabakitako aldaketak. Aurreneko aldiz, gainera, euskaraz izango ditu Estatutuak musika-eskolak.

Zuzendaritza-batzordeari dagokionez, azaroan hauteskundeak eginda, handik ateratako kideen izendapenak ere onartu zituen Batzarrak. Odilo Rivela presidenteorde izango da datozen bi urteetan, Arrate Igoa idazkari, eta Amaia Lekuona, Ainhoa Urbizu eta Olatz Telleria eledun izango dira, azkenekoa, gainera, dantzatako ekintzen arduradun. Izarra Urdalleta, Gorka Jauregi, Karmele Ormazabal eta Nerea Apalategi gurasoak izango dituzte lagun. Udaletako zinegotziek eta eskolako zuzendari Iker Gómez de Segurak ere osatzen dute Zuzendaritza-batzordea.

Batzar Orokorreko gai-zerrendak bestelako puntuak ere jaso zituen lantzeko. 2013-2014 ikasturteko memoriaren eta balantze ekonomikoaren aurkezpen xehea egin zuen zuzendariak, ondasun-inbentarioan izandako gehikuntzaren onarpen-proposamena tratatu zen, eta 2014-2015 ikasturteko eskola-plangintzaren azalpena eta aurrekontuaren onarpen-proposamena mahai gaineratu ziren. Guztiak begi onez ikusi zituen Batzarrak. Galde-erreguen tartean, familien inplikazio-premia azpimarratu zuten bertaratutakoek batetik. Bestetik, garai zailotan ere, musika-eskolaren kudeaketa arduratsua zoriondu zuten. Eta, azkenik, aurrera begirako zenbait proposamen baloratu ziren. Iluntzeko 9 eta erdietan amaitu zen bi orduko bilera.

http://www.diariovasco.com/tolosa-goierri/201502/26/urte-gero-estatutuak...