Hasiera

Aguraingo Zortziko Udal Musika-eskolarekin batera ari gara elkartrukea egiten aurten

Bihar Aguraingo Zortziko Udal Musika-eskolako ikasleak izango dira bisitan Seguran. Arratsaldeko 18:30ean kontzertu bateratua emango dugu bi musika-eskoletako ikasleek Botikaxahar kulturgunean, Manex Rivela eta Laia Apaolaza ikasle segurarrek aurkeztuta. Hala, aurreko asteazkenean Toberakoek Agurainen arrakastaz jotako emanaldia ‘bueltatuko’ digute arabarrek. Agurainera 50 lagun baino gehiago joan ginen. Harrera zoragarria egin ziguten; eskerrik asko, beraz! Seguran elkarrekin eskainiko dugun kontzertuaren egitaraua albiste honen behealdean duzue.

Aguraingo eta Toberako txistuko ikasleek “Segurako Alborada” joko dute elkarrekin kalejiran kontzertua eta gero, Txoritegi elkarteraino, eta han afari-merienda egingo dugu guztiok batera. Zegamako ikasleentzako doako autobus-zerbitzua jarriko du egun horretan Toberak, irakasleen zaintzarekin: 17:40an Zegamako Eroski paretik irtengo da, eta 20:25ean Segurako plazatik, etxerako bidean.

Musikaren Hamabostaldiak elkartruke-kontzertuak eta beste hainbat ekintza bildu ditu. Aste honetan zehar ere, makina bat jardueratan parte hartzeko aukera izango da. Ez ahaztu: herria biziz, herria bizi.