Hasiera

AMPO kooperatibak TOBERAri laguntza ekonomikoa eman dio

Ampo balbulak fabrikatzen eta saltzen dituen kooperatiba da, eta bere egoitza soziala Idiazabalen dago. Hortik gertu egiten du lan TOBERAk: Zegaman, Seguran, Zerainen eta Mutiloan. AMPO kooperatibako Kontseilu Sozialak gure ikastegiari diru-laguntza ematea erabaki du aurten seigarren urtez. Izan ere, TOBERA Musika- eta Dantza-eskola ez da mugatzen irakaskuntzaren barruan eskolak ematera, eta hainbat ekintza egiten ditu propio Goierriko 4 herriotako kultura-bizitza suspertzeko (eta baita hortik kanpo ere). Kooperatibismoaren oinarrian dago ingurune sozial eta kultural aberatsa izatea, kooperatibaren beraren arrakastarako. Aberastasun horretan, zalantzarik gabe, garrantzitsua da musikaren funtzioa. Hala, TOBERA indartsu egotea komunitatearen ongizatearen mesedetan doa, eta, komunitate 'osasuntsua' AMPOren mesedetan, zirkulua etengabe elikatuz.

Esandakoaz gain, herrietako ohiko ekintza popularrak musikaz laguntzen ere, ekarpen baliotsua egiten du urtero TOBERAk. Horiekin jarraitzea bultzatu nahi izan du Ampo kooperatibak, eta TOBERAk aurrez aurre dituen erronkei erantzun egokia eman diezaien laguntza eskaini du, bide batez. Esan bezala, Ampok sinesten du bera kokatuta dagoen ingurunea zenbat eta bikainagoa izan, orduan eta bikainagoa izango dela enpresa bera ere. Ampo kooperatiba-elkartearen inguruko informazio zabalagoa kontsulta dezakezue hemen.

TOBERA Musika-eskolak apustu garrantzitsua egiten jarraitzen du, tarifa apaletan, musikaren irakaskuntza kalitatez eta profesionaltasunez eskaintzeko. Zerbitzu publikoaren izaera errotua duen erakundea da TOBERA. Ampo kooperatiba-elkartearen diru-laguntza bera ere, TOBERAren gizarte-, kultura- eta hezkuntza-dimentsioak indartzera etorri da beste behin. Mila esker!