Hasiera

Andoaingo 13. piano-jaialdian jo dute TOBERAko 9 ikaslek

Andoaingo piano-jaialdiak 13. edizioa izan du aurten, eta otsailaren 24an eta 25ean egin da Bastero auditorioan. Han parte hartu duten 13. aldia izan da Tobera Musika-eskolako ikasleentzat ere. Aurtengoan Zegamako eta Segurako 9 piano-ikasle aritu dira partaide 18 urtetik beherakoei zuzendutako jaialdian: Uxue Areizaga, Maier Albizu, Alaia Solís, Nahia Urruzola, Laia Apaolaza, Nahia Lizarribar, Naiara Iraola, Irati Goiburu eta Irati Arizkorreta. Hainbat herri eta musika-eskolatako 800 ikasletik gora elkartu dira 2018ko edizioan. Tobera Musika-eskolako ikasleetako batzuek larunbatean jo zuten epaimahaiaren aurrean, eta beste batzuek igandean. Eskuratutako emaitzak ez dira txarrak izan: brontzezko 3 domina, zilarrezko 5 eta urrezko 1 batu dituzte denen artean. Jaialdiaren antolakuntzak Claude Debussy musikagile frantsesari egindako omenaldi-kontzertuaz gozatu ahal izan zuten igande arratsaldean. Eta, gainera, Operación Triunfo telebista-programa ezaguna irabazi duen eta Eurovisiónera joango den Amaiaren animo-hitzak jaso zituzten. Izan ere, Amaiak 3 aldiz jo du Andoaingo jaialdian, eta ongi daki zer den pianoarekin etsipena adina gozamena sentitzea. Ametsak , ordea, bete daitezkeen adibide garbia da.

Andoaingo jaialdian Tobera ordezkatu duten neska gazteek martxoan joko dute jendaurrean herrian bertan. Andoainerako prestatu dituzten piezak entzuteko aukera izango da Seguran martxoaren 12an, arratsaldeko 18:00etan. Zeharkako txirulako ikasleekin batera entzunaldia egingo dute pianoko ikasleek kultura-etxeko aretoan. Zegaman, berriz, martxoaren 14an joko dute, gitarrako ikasleekin batera. Azken entzunaldi hau Jabier Otaegi kultura-etxean izango da, 18:30ean. Martxoaren 12tik 22ra Musikaren Hamabostaldia ospatuko du Tobera Musika-eskolak.