Hasiera

Andoaingo piano-jaialdira bidean dira gure ikasleak

Otsailaren 27ko eta 28ko asteburuan beharko luke izan Andoaingo 16. piano-jaialdiak. Koronabirusak, ordea, dantzan jarrita dauka jaialdia; zalantzan dago egiterik izango ote den ala ez, eta nola, egitekotan.

Dena den, gure ikasleek aspaldi eman zuten izena parte hartzeko, eta hasiak dira harako obrak eta piezak prestatzen. Hain zuzen ere, 9 dira horretan buru-belarri ari diren piano-jotzaile gazteak.

Maia Pérez, Maddi Mardaras, Udane Inza, Noa Otaegi, Adei martínez, Libe Sarasa, Aintzira Zabaleta, Naiara Iraola eta Malen Otaegi. Zuena izango da arrakasta!

Guztien osasuna bermatzeko protokoloa prestatu dute antolakuntza-taldekoek, eta aurten ez da bi eskutarako modalitaterik izango, bakarkakoa bakarrik. Ezta bukaerako gala eta sari-emate orokorrik ere.

HEMEN dituzue xehetasun guztiak, programazioa, parte-hartzaileen izenak, epaimahaikideak eta errepertorioa.

Azkenean Andoainen aritzerik izan gabe ere, ez zaie gure ikasleei alferrikakoa gertatuko egiten ari diren lana. Beraz, hatzak gurutzatu eta ea otsailaren bukaeran Andoainen hatzak pianoaren teklatuaren gainean jauzika jartzeko moduan garen!