Hasiera

Elkartasunaren indarra: AMPO bidelagun

Momenturik zailenetan jasotako laguntza da denetan baliagarriena. Bizi dugun egoeran, elkartasuna praktikatzeak asko balio duela jakitun da AMPO kooperatiba-taldea. Eta, filosofia horrekin koherente, TOBERAren proiektua babestea eta diruz laguntzea erabaki du aurten beste behin Ampok. Mila esker!

Ampo balbulak fabrikatzen eta saltzen dituen kooperatiba da, eta bere egoitza soziala Idiazabalen dago. Zegamako, Segurako, Zeraingo eta Mutiloako TOBERA Musika-eskolak 4 herriotan musikaren arloan egiten duen kultura- eta gizarte-jarduera aintzat hartuta, kooperatibako Kontseilu Sozialak gure ikastegiari diru-laguntza ematea erabaki du. Izan ere, gure musika-eskola erronka berritan murgilduta dabil eta asmo ugari ditu eskuen artean aurrera begira ere, egungo egoera zailak markatzen dituen eskakizunei gogor aurre egiteaz gain. Horiei tinko heltzeko apustua bultzatu nahi izan du horrela kooperatibak.

Ampo kooperatiba-elkartearen inguruko informazio zabalagoa kontsulta dezakezue hemen.

TOBERA Musika-eskolak apustu garrantzitsua egiten jarraitzen du, tarifa apaletan, musikaren irakaskuntza kalitatez eta profesionaltasunez eskaintzeko. Zerbitzu publikoaren izaera errotua duen erakundea da TOBERA. Ampo kooperatiba-elkartearen diru-laguntza bera ere, TOBERAren gizarte-, kultura- eta hezkuntza-dimentsioak indartzera etorri da. Eskerrik asko!