Hasiera

Erregeen zamalkada antolatu du TOBERAk Zegaman

Urteroko usadioa da aspaldi honetan. Eta aurten ere ez du hutsik egin hitzorduak. TOBERA Musika-eskolaren eskutik iritsi dira Hiru Errege Magoak Zegamara, opariak partitzera herritarren artean, urtean zehar izan dugun portaeraren eta jarreraren proportzioan. Urteak dira harrera-ospakizuna antolatzea musika-eskolaren ardura dela, eta segizioak txistularien musika izan ohi du lagun, baita aurten ere (ikus argazkian guztiak elkarrekin, elizan egindako amaierako saioan).
Ekialderako bidean izango dira honezkero Errege Magoak, baina, akaso, Aizkorriko tontorretik, Aizkorpe bailaran izango dute jarria orain begirada, gozokoak banatzera berriro gure artera etortzeko gutxiago falta zaiela jakitun.