Hasiera

Hezkidetza lantzeko saioa ikasleentzat

Ikasle bakoitza den bezalakoa da. Eta horrela maite ditugu TOBERAn gure ikasleak. Aniztasunak aberasten gaitu gu guztiok. Batzuetan, ordea, generoak, irizpide sexistek, neska/mutil bereizketa zurrunek, estereotipoek... mugatzen gaituzte. Ikasleak eurak ere horretaz jabetzea garrantzitsua da, babestuko dituen/gaituen hezkuntza-ingurunea eraiki dezagun guztion artean TOBERAn eta askeago (eta zoriontsuago) bizi daitezen/gaitezen. Horri hezkidetza edo koedukazioa deitzen diogu.
 
Bide horretan, hezkidetza-tailerra egingo dugu TOBERAko ikasle guztiei zuzenduta. Zergatik pasatu dira historiara gizonezko musika-konpositoreak? Euskal dantzetan, janzkera dantzarien sexuaren arabera bereizi behar al da bakarrik? ... Bide batez, horien moduko hainbat galderari erantzuna ematen laguntzeko balioko die tailerrak gure ikasle gazteei, beraientzat erabat egokitutako moduan.
 
DATA: martxoaren 18, astelehena, 17:30-19:30 bitarte, Segurako Laiotz Herri-eskolan.
EDUKIA: berdintasuna eta genero-ikuspegia, feminismoa, genero-rolak eta LGTBI+.
METODOLOGIA: 8-14 urteko haur eta gazteei egokituta emango da saioa (edukiak lantzeko modua, egingo diren dinamikak...), Eihera kooperatiba espezializatuko aditu eta hezitzaileen eskutik.
 
Seguran eskolak hartzen dituzten musika-hizkuntzako 2B, 2C eta 2E taldeetako ikasle guztiak bertaratuko dira saiora irakasleen laguntzarekin. TOBERA Musika- eta Dantza-eskolako gainerako edozein ikaslek parte hartu nahi badu tailerrean, mesedez, EMAN IZENA hemen -gainean klikatu- (doakoa da).
 

Tailer honen kostua Segurako Udalak hartuko du bere gain. Segurako Udalak hezkidetza-proiektua abiatu du 2023/24 ikasturtean, eta gazteek herrian parte hartzen duten hainbat espazio eta erakundetan jabekuntza sustatzen ari da (besteak beste, TOBERAn).