Hasiera

IZENEMATEA 2019/2020: 2019ko irailean TOBERA Musika-eskolako kide izan nahi baduzu, maiatzaren 29a eta 30a dituzu izena emateko bi egunak

"Zu bai artista!". Maiz esan badizute hori, baduzu garaia zure senari jarraitu eta zure-zureak dituzun dohain horiek askatzeko. Halakorik ez da behar, ordea. Erritmoari hankarekin edo hatzekin ezin eutsi aritzen den horietakoa baldin bazara, ezkutuan ispiluaren aurrean bakarrik dantzan inoiz egin baduzu, partitura bat 'deszifratzen' jartzea burutik pasa izan bazaizu noizbait, abesten ikasi nahiko bazenu, musika-tresna bat jotzearen gozamena 'misteriotsu' egiten bazaizu... hauxe duzu unea zure burua proban jarri eta, akaso, uste zenuena baino egingarriagoa eta gozagarriagoa zaizula egiaztatzeko. Musikaren unibertsoa lehenengo pertsonan ezagutzen duzuenentzat, berriz, zer esanik ez: ongi dakizue musikaren handitasuna zein boteretsua den! Bueltatu gurera; segi gurean!

2019ko irailean TOBERA Musika-eskolako kide izan nahi baduzu, maiatzaren 29a eta 30a dituzu izena emateko bi egunak.

Egun horietako batean, arratsaldeko 7etatik 8etara bitartean, Zegamako edo Segurako kultura-etxera etorri. Bertan beteko duzu izenemate-orria, eta, hala, TOBERA Musika- eta dantza-eskolako partaide izango zara 2019/2020 ikasturtean. Gogoratu: irailetik aurrera ikasle izan nahi duten guzti-guztiek egin behar dute orain matrikula, bai musika-eskolan jarraitu nahi dutenek, bai hasi nahi dutenek. Dokumentazioa eta argibide zehatzak hemen goiko menuan dituzu, "Izenematea 2019/2020" atalean.

Baldintza bakarra behar da: 4 urte beteta izatea 2019ko abenduaren 31 baino lehenago. Ez besterik. Helduek irakaskuntza-lerro propioa dute musika ikasteko. Beraz, ume, haur, gazte nahiz heldu, guztiontzat dugu lekua TOBERAn! Eta, gainera, aukera zabala duzu instrumentuetan eta musika-taldeetan. Hileko kuota apalen truke guztia.

Ez ahaztu: onurak baino ez ditu musikak. Hona hemen horietako zenbait (klikatu gainean).

Artista hutsa zarelako. Zuk akaso ez jakinagatik ;-)