Hasiera

Matrikulazioa 2020/2021: eman izena TOBERAn irailetik aurrera musikan eta dantzan murgiltzeko!

2020/2021 ikasturtean TOBERA Musika- eta Dantza-eskolan musika ikasten, dantzan egiten, instrumentu bat jotzen, abesten, musika-taldeetan gozatzen... aritu nahi baduzu, aurten inoiz baino errazagoa da. Izan ere, online egingo da aurten izenematea 2020ko irailetik aurrera TOBERAko kide izateko. Honako GALDETEGIA bete besterik ez duzu hurrengo ikasturterako matrikula egiteko. Kontuan izan, mesedez, 2020ko maiatzaren 24a baino lehenago bete beharra dagoela galdetegi hori.

Musika-hizkuntza, euskal dantzak, pianoa, txistua eta danbolina, zeharkako txirula, gitarra klasikoa eta elektrikoa, baxu elektrikoa, trikitia, panderoa, bateria, perkusio etnikoa, txalaparta... dituzu aukeran, eta ikasitakoa talde askotan praktikan jartzeko modua emango dizu, gainera, TOBERA Musika-eskolak: txistu-taldeak, trikitilariak, konbo-taldea, Belack... Hori guztia prezio apaletan eta Seguran, Zegaman nahiz Zerainen bertan, zugandik gertu.

Orain arte paperean egin izan bada ere matrikula, aurten, aurreneko aldiz, eta egoerak horretara behartuta, telematikoki baino ezingo da egin. Hori erraz, eroso eta azkar egiteko modua pentsatu du, ordea, musika-eskolak. Hala, etxetik bertatik, edo mugikorretik, galdetegi bat bete eta bidali besterik ez da egin behar. Eta horrekin nahikoa izango da 2020/2021 ikasturtean gure ikasle izan eta, irailean bertan hasita, musikaren unibertsoan gure eskutik barneratzeko. Galdetegia betetzeko 5-10 minutu baino ez dira behar; aurretik gurean ikasle izandakoek are eta azkarrago bukatuko dute izenemate-prozesua.

Talde txikiak direnez TOBERAn eratzen ditugunak (15 lagunetik beherakoak) ez da espero izatekoa irailetik aurrera arazoak izatea aurrez aurreko eskolak eman eta jaso ahal izateko, beharrezko babes-neurriak beti aplikatuta, noski, halakorik behar izanez gero. Zure neurrira moldatuko ditugu eskolak, eta zure erritmoa, gaitasunak eta gustuak kontuan hartuta. 4 urtetik gora izan behar dituzu, eta, hortik gora, adin-mugarik ez dago. Hortaz, ume, haur, gazte, heldu zein adineko, zuretzat propio dugu lekua TOBERAn.

Koronabirusaren krisiak argi erakutsi digu kultura dela unerik zailenetan ihesbide, eta, kulturaren barruan, musika bereziki. Balkoitik balkoira musika egitera iritsi direnek, baina, musikan trebatu egin behar izan dute aurretik. Hauxe duzu zuk ere horretarako aukera!

Sekula baino inportanteagoa da orain herria eraikitzen laguntzea. TOBERAn musika ikastea herriaren alde egitea da, eta herriaren alde egin nahi baduzu, musika ikasteko ordua duzu hau. TOBERA herrigintzaren eta musikagintzaren eragile duzu. Zeregin horretan, zu nahi zaitugu laguntzaile. Zatoz gugana! Eman izena TOBERAn!