Hasiera

Udalerri Euskaldunen Eguneko kanta ofiziala eta bideoklipa bideratu ditu TOBERAk

Udalerri Euskaldunen Eguna ospatuko da Seguran maiatzaren 14an. Euskararen ezagutza-tasa altua duten ia 100 udal daude elkartuta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMAn), eta herri horietako batean 2 urtez behin egiten den eguna da Udalerri Euskaldunen Eguna. Azkena 2018an egin zen, Diman (Bizkaia). Aurten Seguran elkartuko dira Euskal Herriko herririk euskaldunenak.

UEMAk, Segurako Udalak eta herriko zenbait eragilek antolatu dute lankidetzan eguneko programazioa. Egun berezia izango da, zalantzarik gabe, eta osagaien artean bada bat esanguratsua izango dena. Hain zuzen ere, egun horrek kanta ofiziala eta bideoklipa izango ditu. Tobera Musika-eskola arduratu da proiektua aurrera ateratzeaz, herriko hainbat eta hainbat laguntzailerekin batera.

"Euskara aiden!" izango du izenburu abestiak, aurtengo Udalerri Euskaldunen Eguneko leloa, hain justu. Tobera Musika-eskolak 20tik gora herritar inplikatu ditu proiektuan. Tartean musika-eskolako ikasleak eta ikasle ohiak ere badaude. Horiek dira protagonista, baina, horiez gain, musikari profesionalek ere parte hartu dute. Abestia eta bideoklipa ostegunean aurkeztuko dira jendaurrean, eguerdiko 12:00etan Ardixarran egingo den prentsaurrekoan. Orduan jakingo da zeintzuk aritu diren Toberarekin batera abestia prestatzen: konposatzailea, letragilea, musikariak, abeslariak eta beste. Prozesu osoa asko zaindu dugu, azken produktua guztiz profesionala izateko. Herrian dagoen musika-mailarekin bat baino gehiago harrituko dela ziur gaude. Emaitza ostegunean aterako da argitara eta, orduan, lau haizetara zabalduko da; aiden!