Hasiera

Altsasuko Musika- eta Dantza-eskola ezagutzera goaz

Urte asko dira TOBERA Musika-eskolak Elkartruke-zikloa hasi zuenetik inguruko musika-eskolak ezagutzeko eta beraiekiko harremana estutzeko. Musika-eskola bana ezagutu izan du urtero denbora-tarte honetan, eta, eskolaren 25. urteurrenean, aparteko izaeraz, Goierriko musika-eskolen arteko lehenengo topaketa egin zuen gainera.

2014/2015 ikasturtean Altsasuko Udal Musika-eskola da aukeratutakoa trukea egiteko. Apirilaren 20an, astelehena, Segurara etorriko dira Altsasuko ikasleak, eta TOBERAkoekin batera ordubeteko emanaldia eskainiko dute. Aurreneko aldia izango da TOBERAk Gipuzkoatik kanpoko musika-eskola batekin egiten duena elkartrukea.

Orain arte, Beasaingo Loinatz Musika-eskola, Ordiziako Musika-eskola, Ormaiztegiko Txindata Musika-eskola, Lazkaoko eta Ataungo Lazkao Txiki Musika-eskola, Tolosaldeko Loatzo Musika-eskola, Tolosako Eduardo Mokoroa Musika-eskola, Zumarragako eta Urretxuko Secundino Esnaola Musika-eskola, Orioko Danbolin Musika-eskola, Usurbilgo Zumarte Musika-eskola, Urnietako Lurdes Iriondo Musika-eskola eta Astigarragako Norberto Almandoz Musika-eskola bisitatu ditu TOBERAk. 2000/2001 ikasturtean ekin zion egitasmoari.

Hemen behean duzue Segurako Aldundiaren Aterpetxean egingo den kontzertuaren egitaraua, interesatu ororentzat irekita.