Hasiera

elkartrukea

Araiako Andra Mari aretoan kontzertua eskainiko du TOBERAk maiatzaren 29an.

Prest du TOBERAk datorren maiatzaren 29an Arabako Araian emango duen kontzerturako egitaraua (Andra Mari aretoan arratsaldeko 18:30ean). Aurreneko aldia izango da TOBERAko ikasleentzat emanaldia eskaintzen dutela Araban. Aurtengo elkartrukearen barruko ekimena izango da. Asparreneko musika-eskolako ikasleekin batera eskainiko da kontzertua, eta gero afari-merienda egingo dute guztiek elkarrekin.

Ikusi apirilaren 16an Asparreneko Udal Musika-eskolako ikasleekin egindako Elkartrukeko argazkiak!

Musikaz betetako astelehena izan zuten Asparreneko Udal Musika-eskolako ikasleek eta TOBERAkoek. Elkartrukearen barruan, apirilaren 16an Zegamako gimnasioan egindako kontzertua izan zen aurrenekoa, eta maiatzaren 29an izango da bigarrena. Bigarren emanaldi hori Araian izango da, eta, kasu horretan ere, elkarrekin joko dute bi musika-eskoletako ikasleek.

Elkartruke-kontzertua Asparreneko Udal Musika-eskolako ikasleekin batera

Datorren astelehenean, apirilaren 16an, aurtengo Elkartrukearen lehenengo saioa izango dugu, Zegaman. Asparreneko Udal Musika-eskola izango dugu bisitari egun horretan, arratsaldeko 18:30ean eskolako gimnasioan hasiko den kontzertuan. Asparrena Arabako Aguraingo Eskualdeko udalerria da; 10 herrik osatzen dute, eta Araia du udalburu.

Hemen behean duzue kontzertuaren egitaraua. Bukaeran, merienda izango da partaideentzat.

Elkartrukea Lasarte-Oriako Udal Musika-eskolarekin

Musika-eskola ugari ezagutu ditu TOBERA Musika-eskolak elkartruke-zikloa egiteari ekin zionetik. 2001/2002 ikasturtean egin zuen aurreneko elkartrukea, eta, harrezkero, Gipuzkoako eta Nafarroako musika-eskolak ezagutzen dihardu, Goierriko eskolak ezagutzen hasi eta gero. Aurten Lasarterako bidea hartuko dute TOBERAko ikasleek. Martxoaren 30ean Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultura-etxeko auditorioan arratsaldeko 18:30ean egingo den kontzertura TOBERAko 60 lagun joango dira.

Musikaren Hamabostaldia bete-bete dator!

Udaberriari ongi etorria musikaz emango dio TOBERA Musika-eskolak, nola bestela!

Martxoko azkeneko astea eta apirileko aurrenekoa Musikaren Hamabostaldia ospatzeko datak izango dira. Aste Santuko oporraldira jauzi egin aurretik, hala, hamaika aitzaki izango dituzte TOBERAko ikasleek eta herritarrek musikaz gozatzeko.

Elkartrukea 2016: musikak ez dauka mugarik

Egia biribila da hori: musikak ez dauka mugarik. Hizkuntza unibertsala da; eta, horretaz gain, sekulako ahalmena du pertsonak elkarlotzeko, jendartean integratzeko, autosuperazioa lantzen laguntzeko, talde-lana indartzeko... Guzti-guztiongan du eragin positiboa, baina, akaso, disfuntzio fisikoak edo mentalak dituztenentzako balio gehigarria izan dezake musikak.
Esandako honen erakustaldi praktikoa izango da TOBERAk aurten bideratu duen elkartrukea.

Apirilaren 20an, asteazkena, Zegaman:
Elkartrukea Iruñeko Música Sin Barreras elkartearekin (elkarte honek disfuntzio fisikoak edota burukoak dituztenen integrazioa bideratzen du musikaren bitartez; batez ere Down sindromedun kideak ditu partaideen artean). Iruñeko eta TOBERAko ikasleen kontzertua Zegamako gimnasioan. 19:00.

Apirilaren 27an, asteazkena, Iruñean:
Elkartrukea Iruñeko Música Sin Barreras elkartearekin. Iruñeko eta TOBERAko ikasleen kontzertua Iruñeko Gazteen Etxean. 18:30.

Disfuntzioari buruzko jabekuntza-tailer bana ere egingo da Zegaman eta Seguran Atzegi elkarteko teknikariekin.

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak 2011n Down Sindromearen Mundu-eguna izendatu zuen martxoaren 21a.

Altsasuko Musika- eta Dantza-eskola ezagutzera goaz

Urte asko dira TOBERA Musika-eskolak Elkartruke-zikloa hasi zuenetik inguruko musika-eskolak ezagutzeko eta beraiekiko harremana estutzeko. Musika-eskola bana ezagutu izan du urtero denbora-tarte honetan, eta, eskolaren 25. urteurrenean, aparteko izaeraz, Goierriko musika-eskolen arteko lehenengo topaketa egin zuen gainera.

RSS - elkartrukea-rako harpidetza egin