Hasiera

Musikaren Hamabostaldia bete-bete dator!

Udaberriari ongi etorria musikaz emango dio TOBERA Musika-eskolak, nola bestela!

Martxoko azkeneko astea eta apirileko aurrenekoa Musikaren Hamabostaldia ospatzeko datak izango dira. Aste Santuko oporraldira jauzi egin aurretik, hala, hamaika aitzaki izango dituzte TOBERAko ikasleek eta herritarrek musikaz gozatzeko.

Batetik, TOBERA Musika-eskolako ikasleek musika-hizkuntzako eskoletan lantzen dituzten kontzeptuak, teknikak eta lan-prozedurak bertatik bertara ezagutarazteko helburuarekin, "ateak zabalik" izendatu ditugu martxoaren 27a eta apirilaren 5a eta 6a Zegaman eta martxoaren 28a eta apirilaren 5a Seguran irakasgai horretan.

Bestetik, entzunaldi-zikloa antolatu dugu bi herrietan. Helburua, alde batetik, ikasturtean zehar ikasle guztiek jendaurreko emanaldiren batean parte har dezaten da; eta, bestetik, herritarrei, baina bereziki hurrengo ikasturtean musika-tresna hautatzea egokituko zaien ikasleei, TOBERAn dagoen instrumentu-eskaintzaren zuzeneko berri ematea.

Azkenik, 2001/2002 ikasturtean elkartruke-zikloa abiatu genuenetik, hainbat musika-eskolarekiko harremana egin dugu. Aurten Lasarte-Oriako Udal Musika-eskola dugu bidaide, eta martxoaren 30ean eta apirilaren 4an izango dira kontzertu bateratuak, lehenengoa Lasarte-Orian eta bigarrena Seguran bertan.

Hemen beheko eranskinetan duzue informazio osagarria, zehaztasun guztiekin.