Hasiera

Dantzari Txiki Eguna: gehiagorako gogoz

Zegamako Dantzari Txiki eguna berreskuratu da from GITB on Vimeo.

Igandean lehenengo Dantzari txiki eguna ospatu zuen Tobera Musika-eskolak Zegaman.

Zegamako, Segurako, Zeraingo eta Mutiloko Tobera Musika-eskolak aurretik dantzarien topaketak-eta antolatu izan baditu ere, igandekoa izan zuen dantzari txikiaren formatuarekin egindako lehendabiziko ekimena. Horrek ez du esan nahi, ordea, Zegaman halakorik egiten zen aurreneko aldia izan zenik. Hain zuzen ere, aspaldiko partez etorri zen bueltan herrira dantzari txiki egun bat. Duela urte asko Zegamako Aizkorpe Dantza-talde desagertuak antolatu zuen azkenekoa (goiko argazkian duzu aspaldiko egun berezi horietako bat, IV. Dantzari Txiki Egunekoa). Tobera Musika-eskolak indartsu heldu zion ekimena berreskuratzeari. Izan ere, 150 dantzari eta musikari baino gehiago elkartu ziren igandean Zegaman. Toberako Hasiberriak, Lorea, Tximeleta, Ninja, Bele Beltzak eta Handiak dantza-taldeetako kideekin batera, Beasaingo Aurtzaka eta Urretxuko Lurra Dantza-taldeak aritu ziren. Horiez gain, musika-eskolako txistulariek eta trikitilariek ere parte hartu zuten, besteak beste.

Egitaraua

Aurreko astearte iluntzean egin zuten musika-eskolakoek bilera gurasoekin, eguneko antolaketaren berri emateko batetik, eta egunean bertan egin beharrekoak prestatzeko laguntzaileak lotzeko bestetik. Partaide guztiak goizeko 11etan elkartu ziren Zegamako eskolako patio estalian. Antolatzaileek ogitartekoak, edaria eta gozokiak banatu zizkieten partaideei, hamaiketakoa egiteko, eta 11:40ean patioan bertan egin zuten erakustaldi osoa. Kalejiran batetik bestera joan eta, herrian zehar, 3 geldialdi egin eta plazan emanaldi nagusia eskaintzea bazen ere asmoa, eguraldiak baldintzatuta, aterpean eskaini zuten jaialdia talde guztiek. Bakarkako saioek osatutako bi bloke egin zituzten. Lehenengoaren amaieran, talde guztietako kideek batera, Ikurrin Dantza egin zuten. Bigarren blokearen bukaeran, berriz, elkarrekin, Andre Madalen eta Neska Zaharrak fandango eta arin-arina dantzatu zituzten eta biribilketa batekin agurtu zituzten bertaratutakoak.

Jendetza gerturatu zen dantzari gazteen saioaz gozatzera, eta partaide nahiz gurasoak, pozik agertu ziren emaitzarekin. Hedabideetako oihartzunaren zenbait adibide dituzu jarraian:

GOIERRIKO HITZA: http://goierri.hitza.info/2014/05/09/dantzari-txiki-eguna-ospatuko-dute-...

EL DIARIO VASCO: http://www.diariovasco.com/tolosa-goierri/201405/09/igandean-dantzari-tx...

GOIERRI TELEBISTA: http://gitb.info/bideoak/azken-berriak/6353-zegamako-dantzari-txiki-egun...

...

Eguneko argazkien bilduma, berriz, hemen duzu ikusgai: http://www.tobera.org/drup/node/24 (aurrerago egongo dira leku horretan bertan jarrita argazki gehiago). Eta bideotxo labur bat, hemen: https://www.facebook.com/photo.php?v=715363301859606&l=490351588500125013

Toberako ikasleak egon izan dira beste herri batzuetako dantzari txikien egunetan aurretik, Tolosan edo Legazpin, adibidez. Ekainaren 15ean, kanporako bidea hartuko dute berriro; orduan Urretxuko Dantzari Txiki egunean arituko dira.