Hasiera

Emanaldi berezi-berezia Donostian

EspresART en otra dimensión izeneko gunea atondu zuten Zurriolako pasealekuan abenduaren 13an, larunbata, 450 metro koadroko karpapean. Arteari eskainita egon zen, eta, tartean, musikak ere protagonismo berezia hartu zuen, TOBERA Musika-eskolako ikasleen eskutik. Hain zuzen ere, musikaren ardura oso-osorik TOBERArena izan zen ekitaldian, eta kartoizko kaxekin atondutako agertokian, 2 saio eman zituen musika-eskolak. 4 bloketan banatutako kontzertua izan zen: lehenengoan, euskal dantzak izan ziren nagusi, eta soka-dantzaren eta Agurraren inguruko azalpen didaktikoak eskini ziren. TOBERAk propio prestatutako emanaldiko bigarren blokean euskal abesti kuttunak aireratu zituzten ikasleek, eta euskal bakarlari eta taldeen inguruko nahiz errepertorioaren gaineko argibideak eman zituen ETBko aurkezle Odei Esnaolak. Hiurugarren atalean, ahotsak izan zuen leku nabarmena, eta abesti goxoen eta lasaien unea izan zen; txistuari buruzko bitxikeriak kontatu zituen aurkezleak. Azkeneko blokean erromeria-giroak hartu zuen agertokia, eta trikitiaren, panderoaren, txalapartaren eta toberaren historia errepasatu zen, modu ludikoan eta amenoan. Txalaparta jotzeko aukera ere izan zuten hala nahi izan zutenek.

40 ikasle baino gehiago joan ziren autobusean Donostiara. Karpako eskulanetako eta marrazkigintzako txokoetan aritzeko aukera izan zuten, musika jotzeaz gain. Eguerdiko ordu 1eko pasearen eta arratsaldeko 5etako pasearen artean, elkarrekin bazkaldu zuten TOBERAko kideek, eta jolaserako ere hartu zuten tarte bat.

Bartzelonako Trílope enpresak hautatu zuen TOBERA euskal kantagintzari eta bertako musika-tresnei buruzko kontzertua prestatzeko eta eskaintzeko, eta MailBoxesEtc enpresak finantzatu zuen ekimena. Egun osoko ezohiko planarekin pozik, iluntzean itzuli ziren TOBERAko ikasleak etxera.

http://goierri.hitza.eus/2014/12/12/musika-urte-oparoa-toberan-2/

http://www.diariovasco.com/tolosa-goierri/201412/06/tobera-musika-eskola...

http://www.diariovasco.com/tolosa-goierri/201412/13/tobera-musika-eskola...

http://www.diariovasco.com/tolosa-goierri/201412/18/tobera-musika-eskola...

...