Hasiera

Haurren eta gazteen abesbatza osatuko du TOBERAk Seguran datorren ikasturtean

Gazteen abesbatza berri batean hasi nahi baduzu, horretarakoxe aukera izango duzu irailetik aurrera TOBERA Musika-eskolari esker. Izenemate-epea ireki du TOBERAk datorren ikasturterako ikasle guztientzat, eta badira tartean berrikuntzak. Adibidez, Seguran, abesbatza ikasteko modua integratu du eskaintzan TOBERAk.

Aurretik herrian gazteen abesbatza egoteko saiakerak egin izan badira ere, orain arte, horrek ez du esperotako emaitzarik eman, egonkortasunaren aldetik behintzat. 2015/2016 ikasturtean ahalegin berri bat egingo da, kasu honetan, TOBERA Musika-eskolaren edukietan txertatuta, aurrenekoz.

Kantuan taldean egin nahi duten guztiei irekiko dizkie ateak TOBERAk, muzika-hizkuntzako ezagutzarik izan gabe ere. Adin-mugarik ez da ezarri, eta izenemateen arabera ikusiko da taldea sor litekeen ala pertsona guztiak har litezkeen, besteak beste. Gainerako taldeko ikasgaiek dituzten matrikula eta kuota berak izango ditu ikasgai honek.

Izena ere, noski, musika-eskolako ikasgai guztietarako zehaztutako egunean eta tokietan eman beharko dute abesbatzean hasi nahi dutenek: maiatzaren 27an eta 28an Segurako kultura-etxe berrian, arratsaldeko 7etatik 8etara. Argibideak ere, musika-eskolan eska litezke.