Hasiera

Ekainaren 21ean musikaren nazioarteko eguna da. Horren aurreko astean, ordea, Aizkorpe bailarako musika-eskolako kideek ekintza-sorta antolatu dute kalean musikaz gozatzeko eta gozarazteko.

Igandean Urretxuko XXXV. Dantzari Txiki Egunean hartu zuten parte TOBERAko dantza-talde guztietako kideek, musika-eskolako txistulariekin batera. Den denak joan ez baziren ere, 44 ikasleko ordezkaritza eraman zuen Toberak hara. Urretxuko Lurra Dantza-taldeak antolatutako egun osoko ekintzetan esku hartu zuten zegamarrek. Goizean, hamaiketakoa eta kalejira egin zuten, eta, bazkalostean, alardea.

Tobera Musika-eskolak maiatzaren 11n Zegaman antolatutako Dantzari Txiki Egun arrakastatsura gonbidatutako taldeetakoa izan zen Lurra Dantza-taldea, eta, igandeko saioarekin, bisita itzuli zieten zegamarrek urretxuarrei. Arrakastaz itzuli ere.

Ikasturte-bukaerako kontzertu-jaialdiak, berriz, astelehenean eta asteartean izan ziren (ikus taldeko argazkiak goian). Asteleheneko saioa Segurako plazan izan zen, eta asteartekoa Zegamakoan. Eguraldi onak lagunduta, jendetza inguratu zen bi kasuetan ikasleak taldetan jotzen entzun eta ikustera. Kantu-kontzertuen izaera hartu zuten bi emanaldiek, euskal errepertorioko pieza ezagunek osatu baitzituzten egitarauak. Instrumentu-aukera zabalaz gain, ahotsa eta koreografiak ere plazaratu zituzten ikasleek. Afari-merienda eginez bukatu zituzten jaialdiak 100 ikaslek baino gehiagok.

2014/2015 ikasturterako izen-emateak gora

Maiatzaren hondarretan eman zuten izena irailetik aurrera hasiko den ikasturte berrian Toberan ikasle izan nahi duten guztiek. Eskola osasuntsu dago azkenaldian, eta gora egiten dabiltza urtero matrikulazio-datuak. Hurrengo ikasturterako, ordea, markak hautsiko dira. Duela hamarkada bat baino gehiago, musika-eskolak ikasketa-plana aldatu eta musika ikasteko urte gutxiagoko ibilbideak ezarri zituenetik, ez da inoiz horrenbeste matrikularik izan. Zegamako, Segurako, Zeraingo, Mutiloko eta inguruetako herritarrek gogotsu heldu diote, beraz, musikaren unibertsoa ezagutzeari eta musikaren gozamenean sakontzeari, eta Toberak egoki erantzun die herritarren desioei. Irailaren 10ean hasiko da ikasturte berria, asmo eta erronka berriekin.