Hasiera

Oporraldiaren aurretik, musika!

Ekainaren 21ean musikaren nazioarteko eguna izango da, eta bezperan eta biharamunean kokatu ditu Toberak kurtsoari agur esateko kontzertuak. Hemen behean dituzue egitarauak.

Segurako emanaldiak 60 musikaritik gora elkartuko ditu ordu eta erdiko saioan, eta Zegamakoak 80 baino gehiago bi ordukoan. 2. nibel-amaierako azterketak gainditu dituztenei, Diploma emango zaie jendaurrean. Elkarrekin afari-merienda eginda bukatuko dira bi jaialdiak.

Zegamako emanaldian, Tobera Musika-eskolaren sortzaileetakoa izandako Jabier Otaegi zena oroituko du xumeki musika-eskolak, eta Martxa Baten Lehen Notak joko dute haren omenez eskolako langileek.

ToberaKonbo taldeak Gatiburen eta Joxe Ripiauren pieza bana eskainiko du bi emanaldietan. Talde honek Segurako jaietan ere joko du estreinakoz, hilaren 24an, iluntzeko 11tan hasita. Baina, uda etorriagatik, ez dira horretan amaituko Toberaren zereginak. San Joan bezperan suaren inguruko erromeria egingo du musika-eskolak Zegaman, jubilatuen egunean lagunduko du eta herriko jaien egitarauaren barruan ere ohiko ekintzez arduratuko da, besteak beste. Uztailaren 17an, gainera, Donostiaren kultura-hiriburutzaren barruko programa batean esku hartuko dute Toberako zenbait ikaslek. San Adrian igarobidean 13:15etatik 13:45etara Ordiziako Urrup antzerki-taldeak egingo duen girotze-antzezpenean musika jarriko dute.