Hasiera

"Santa Ageda bezpera degu"

Otsailaren 4an Santa Ageda edo Agate Deuna egunaren bezpera izango da, eta TOBERA Musika-eskolako trikitiko, panderoko eta txistuko ikasleak kalera irtengo dira usadiozko koplak musikaz laguntzera.

 

Zorion etxe hontako denoi!
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz.

Goiko hori da egun horretan abesten diren kantetan ezagunenetakoaren lehenengo bertsoa. Azkeneko urteetan bezalaxe, TOBERAko Zegamako eta Segurako ikasleek bat egingo dute Euskal Herrian hain sustraitua den ohiturarekin. Hala, arratsaldean, eskuetan makila hartuta irtengo diren Aitxuri Herri-eskolako ikasleekin batera arituko dira txistukoak ere. Eta, iluntzean, berriz, arratsaldeko 18:30ean hasita, Zegamako herritarrek egingo duten kantu-errondan esku hartuko dute musika-eskolako ikasleek. Batetik, txistuko zenbait ikasle batuko zaizkie herritarrei, eta, bestetik, trikitiko eta panderoko ikasleek geldialdi batetik besterako tartea girotzen lagunduko diete, guztiak kalejiran joan daitezen musika jarriko baitute azken horiek. Amaieran, afari-merienda egingo dute guztiek elkarrekin arratseko 20:00etan, “eztarriz sano” egoteaz gain, instrumentuak jotzen ere artista direla erakutsi izanarekin konforme.