Hasiera

Santa Zezilia, zurekin gaude! IKUSI ARGAZKIAK!

Azaroaren 22an Santa Zezilia eguna izango da. TOBERAn, ordea, egunari aurre hartu, eta bezperan ospatuko dugu musikarion zaindariaren eguna, Seguran egingo dugun musika-kontzertu handi batekin. Hemen behean duzue programa.

Santa Zezilia martiria izan zen, eta ez zuen bizitza alaiegia izan, antza [HEMEN klikatu argibide batzuk jasotzeko]. Guk, ordea, hori baino alaitasun dezente handiagoz goretsiko dugu zaindaria. Arratsaldeko 18:30ean hasiko dugu emanaldia, baina, aurretik, hala nahi duten Zegamako ikasleentzat, autobusa jarriko dugu doan Zegama eta Segura arteko tartea egiteko. 17:10ean irtengo da autobusa Zegamako botika-paretik. Ikasleak irakasle batek lagunduko ditu uneoro, eta, Seguran gelditutakoan ere, elkarrekin egingo dute Aldundiaren Aterpetxerainoko ibilbidea, han izango baita kontzertua. Kontzertua amaitu ondoren ere, elkarrekin izango dute Zegamara itzultzeko aukera. Nahi duenak joateko bidaia bakarrik egin ahal izango du, itzulerakoa bakarrik, edo biak. Eta, esan bezala, musika-eskolak ordainduta, gainera. Eroso eta erraz.

Musika-saioari dagokionez, TOBERA bazkide duen Euskal Herriko Musika-eskolen Elkartearen (EHMEren) "Musikalean" ekimenaren barruan sartuko da. Euskal Herriko musika-ikastegi ugarik emanaldiak egingo dituzte aste horretan; guk ere bai. "Musikalean" sortu zenetik izan da-eta TOBERA bertan partaide, eta Elkartean bazkide aspaldiagotik, 2001/2002 ikasturtetik, hain zuzen ere.

Betiko euskal abestiak eta modernoagoak, beste kultura batzuetako herri-doinuak, musika klasikoa, eta Leonard Cohenen, Bruce Springsteenen eta John Fogertyren piezak jo eta bestuko dituzte TOBERAko ikasleek, ordubeteko saioan. Iraileko deialdian musika-hizkuntzako ziklo-bukaerako azterketa gainditu zuten bi ikasleei diploma banatuko zaie jendaurrean, halaber. 'Aurrera Altsasu' kantak emango dio bukaera saioari, musika-tresna desberdin askotako 26 ikasle elkartuta. Santa Zezilia gogoan, pasio dugun musika lau haizeetara!

Informazio osagarria: