Hasiera

TOBERAk antolatuta, Errege Magoei ongi etorria Zegaman

Urteroko usadioa da. Eta aurten ere ez du hutsik egin hitzorduak. TOBERA Musika-eskolaren eskutik iritsi dira Hiru Errege Magoak Zegamara 2020an ere, opariak partitzera herritarren artean, urtean zehar izan dugun portaeraren eta jarreraren proportzioan. Urteak dira Erregeen harrera-ospakizuna antolatzea musika-eskolaren ardura dela -hasiera-hasieratik, 1997tik-, eta segizioak txistularien musika izan ohi du lagun, baita aurten ere. Urteotan laguntzaile izan ditugun 4 emakume handiri ederki merezitako eskertza publikoa eta omenaldia egiteko ere baliatu dugu aurtengo Kabalgata edo Zamalkada, amaierako elizako saioan (argazkian ikus litekeen modura).

Ekialderako bidean izango dira honezkero Errege Magoak, baina, akaso, Aizkorriko tontorretik, Aizkorpe bailaran izango dute jarria oraindik begirada, gozokiak banatzera berriro gure artera etortzeko gutxiago falta zaiela jakitun.