Hasiera

Urriaren 27an, gure ikasleak San Adriango tunelean egingo den antzezpen musikatuan ariko dira

Komunitatearekiko lankidetza da TOBERA Musika-eskolaren bereizgarrietako bat. Ingurune aberatsak aberasten gaitu, bertatik jasotzen baitugu. Eta ingurunea aberasteak aberasten gaitu, indartsu egiten baikaitu.

Horregatik, datorren igandean Zegamako Leizarrate pasabidean, Sandratin edo San Adriango koban -hiru modu horietara ezagutzen baita leku bera- egingo den antzezpen musikatuan hartuko dute parte gure zenbait ikaslek. Hain zuzen ere, San Adriango tunelaren historia antzeztuko da hilaren 27an. Ordiziako Urrup antzerki-taldeak prestatutako 'Leizarrate' antzezlan musikatua eskainiko da San Adrianen bertan. Zegamako Udalak Aldundiko kultura-departamentuaren laguntzaz antolatutako egitasmoa da. Unescok Gizateriaren Ondare izendatua duen San Adriango pasabidean bertan egingo da, beraz, saioa. Ezin ukatu lekuak berak aparteko xarma emango diola antzezpenari. Emanaldi bakarra egingo da eta, aforoa mugatua denez, aurrez erreserba egitea komeni da (doakoa da). Informazio gehiago jasotzeko edo erreserbak egiteko, 943 80 21 87 telefono-zenbakira deitu edo anduetza@gipuzkoamendizmendi.net helbidera mezu bat bidali behar da.

Antzezlana 12:00etan hasiko da, baina aurrez egin dute hitzordua. Aldaolako aparkalekuan elkartuko dira, 11:00etan. Handik San Adriango tunelera gida batek lagunduta oinez joango dira bisitariak.

TOBERA Musika-eskolako zenbait ikasle izango dira antzezlanean musika zuzenean jarriko dutenak, egoera desberdinak irudikatzeko: herri-kutsuko ospakizunak, nobleziaren giroa... Ez da aurreneko aldia hala egingo duena TOBERAk. Izan ere, hirugarren aldiz egingo da antzezpena, eta guztietan hartu dute parte TOBERA Musika-eskolako ikasleek. Oraingo honetan, trikiti eta panderoko 3 kide ariko dira, txalapartako 2 eta zeharkako flautako beste 2. Donostia 2016aren barruan egin zen lehenengo emanaldia.