Hasiera

Musika-tresnen ezagutza-saioak egin dituzte gure ikasle gaztetxoek

2018/2019 ikasturtean instrumentua aukeratzea egokituko zaien ikasleek TOBERA Musika-ewskolan irakasten diren musika-tresnak ezagutu dituzte bertatik bertara egunotan. Musika-hizkuntzako eskoletan ikasiak dituzte dagoeneko instrumentu desberdinak, beren ezaugarriak eta sonoritatea. Seguran eta Zegaman martxoan egindako entzunaldietan ere izan dute horretarako aukera.

Baina ez dago aurrez aurrekoa bezalakorik. Horregatik, musika-eskolako irakasleek beraiek erakutsi dizkiete gertu-gertutik instrumentuak. Taldeen entseguak ere entzun eta ikusi ahal izan dituzte. Eta, gainera, musika-tresnak hartu, ukitu, muntatu eta probatzeko aukera ere izan dute!

Musika-hizkuntzako 1C eta 2A mailetako ikasleei zuzendutako ekimena izan da hori. Izan ere, talde horietako ikasleak dira datorren ikasturtean instrumentua hautatzeko modua izango dutenak, eta komeni da ahalik eta ezagutza gehien izatea erabakia egoki hartu ahal izateko. Bizitzan bezala, baita musikan ere instrumentu bat aukeratzeko! Informazioa eta ezagutza erabaki onen oinarria izan ohi da. Hain zuzen ere, maiatzaren 30ean eta 31n izango da garaia hurrengo ikasturterako izenematea egiteko. 2018/2019 ikasturtean TOBERAn aritu nahi duten guztiek egin behar dute orduan matrikula, arratsaldeko 7etatik 8etara Zegamako nahiz Segurako kultura-etxeetara joanda. Gaur egun TOBERAko kide diren familiek etxean eta e-mailez jasoko dute informazio zehatza. Zuk ere, datorren ikasturtean, irailetik aurrera, musikarekin gozatu nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan! Unibertso handi bat deskubritzeko atea irekitzen lagunduko dizugu.