Hasiera

Oporren aurretik, musika-jaialdiak ikasturtea agurtzeko.

2018/2019 ikasturtea bere azkenetan da. Ikasturte erabat emankorra izan da TOBERAn: besteak beste, emaitza bikainak eskuratu dituztelako gure ikasle askok, ikasturtean zehar egindako ekintza-sorta azpimarragarria izan delako kopuruz nahiz nolakotasunean, arian-arian sortutako antolaketa-premiei erantzun egokia ematen asmatu dugulako eta hezkuntza- eta kultura-dimentsioak ase geratu direlako Zegaman, Seguran, Zerainen eta Mutiloan. Horren guztiaren erakusgarri izango dira ikasturte-bukaerako musika-jaialdiak. Bana egingo da Zegaman eta Seguran. 100dik gora ikaslek hartuko dute parte. Zegamakoa ekainaren 13an izango da, herriko plazan, eta Segurakoa 18an pilotaleku zaharrean; biak 18:30ean hasita. Albiste honen behealdean dituzue egitarauak. Ohiko moduan, gainera, askotariko musika-motak eta -joerak plazaratzeaz gain, hala merezitako ikasleei Diploma banatuko zaie jendaurrean (2. nibel-amaierako azterketa ekainaren 12an izango da, eta 5 ikasle aurkeztuko dira; musika-hizkuntzaren zikloa bukatuko duten ikasleei ere egiaztagiria banatuko zaie). Afari-merienda egongo da bi egunetan, saioa biribiltzeko.

Horrez gain, badituzte TOBERAko ikasleek esku-artean bestelako ekintzak ere, Zegaman: Olaran auzoko jaietan parte hartuko dute, ekainaren 23an Zegamako San Joan suaren inguruan erromeria egingo dute euskal dantzatako ikasleek eta txistulariek, eta uztailaren hasierako jubilatuen egunean ere arituko dira, besteak beste. Hortxe behar zaituztegu, gure ikasleen lana hauspotzen. Eta, zergatik ez, jakizue pozik hartuko zintuzketegula zuek ere gure ikasleen artean 2019/2020 ikasturtean, oraindik ez bazarete behintzat. Izan ere, TOBERA Musika- eta Dantza-eskolaren emankortasunak ikasturte berrian ere jarraituko du; ez zalantzarik batere izan ;-)