Hasiera

TOBERAko ikasleak Andoaingo 10. piano-jaialdira bidean

10 edizio beteko ditu aurten Andoaingo piano-jaialdiak. Antolatu zen aurreneko ediziotik bertatik, partaideen artean izan dira TOBERA Musika-eskolako ikasleak, eta, maiz, emaitza bikainak eskuratuta itzuli dira handik. Aurten, 2015eko otsailaren 27 eta 28an eta martxoaren 1ean zehar izango dira jaialdiko entzunaldiak eta sariak banatzeko ekitaldiak. Horren guztiaren osagarri, gainera, Andoaingo Bastero Kulturgunean bertan, kontzertuak izango dira (pianoaz gain, baita bestelako musika-tresnekin ere), asteburu betea eskaintzeko hala nahi duen edonori musikaren inguruan.

TOBERAtik 9 izango dira joango diren ordezkariak. Denek bakarkako modalitatean esku hartuko dute (lau eskutarako modalitatea ere badago), eta, adinaren arabera bereizita dauden 3 kategorietatik, dagokienean lehiatuko dira. Ekitaldi-aretoan izango dira TOBERAko ikasle guztien saioak.

Otsailaren 28an, Nora Etxezarreta, Naroa Irizar, Unai Mendizabal, Nora Olaziregi, Malen Otaegi eta Irati Arzikorreta arituko dira. Eta martxoaren 1ean, Irati Goiburu, Kepa Garmendia eta Andrei Ioan Filip. Bastien, Vincinguerra, Gillock, Martin, Wedgwood eta Norton konposatzaileen obrak interpretatuko dituzte epaimahaiaren aurrean.

Honakoek osatuko dute epaimahaia: Ana Ansolak, Laura Bilbaok, Izabella Blezienek, Miren Erostarbek, Ainhoa Galdosek, Ana Belén Garcíak, Lourdes Garcíak, Nerea Gisasolak, Begoña Lasartek, Maite Perurenak, José Ramón Rodríguezek eta María Zuloagak.

TOBERA Musika-eskolak izenemate-kuotaren erdia ordainduko dio ikasle bakoitzari, ohi duenez.

Martxoan, berriz, Andoainerako prestatutako piezak joko dituzte herrian bertan (Zegamako eta Segurako entzunaldietan), familiakoek, lagunek eta gertukoek ere gozatu ahal izan dezaten egin duten lanaz.

Zorte on, lagunok!!