Hasiera

Blogak

Emakumeen Mundu-martxarekin bat

Emakumeen Mundu-martxa mugimendua ekimenak biltzen dabil azkenaldian gure inguruan, eta horietako bat Seguran irailaren 12an egindakoa izan da. Bertan, aspaldiko lixibaleku batean egin da ekitaldi xumea, eta mugimenduari atxikimendua eman dion herriko elkarte bakoitzak landare bana landatu du bere babesaren adierazgarri. Babesleen artean egon da Tobera Musika-eskola ere, eta lehendakaria bera izan da eskolaren izenean landarea jartzeaz arduratu dena.

2015/2016 ikasturtea, hastear

Ate-joka dator musika-ikasturte berria, eta laster ekingo diote 2015/2016 ikasturteari Zegamako, Segurako, Zeraingo eta Mutiloako herritarrek. Eskolaren 29. promozioa izango da. 2014/2015 ikasturteko izenemateek azkeneko urteetako markak hautsi bazituzten, are eta arrakastatsuago dator hurrengo kurtsoa. Herritar ugari dabil erakartzen musikaren kulturara Tobera, eta musikazaletasuna ederki zabaltzen dihardu. Haur eta gazteez gain, helduak ere badabiltza eskolan, eta instrumentuen aukera oso handia da.

Maila ona, giro ederra eta jende ugari ikasturtearen amaierako jaialdietan

Arrakasta. Horixe da ikasturteari agur esateko TOBERA Musika-eskolak egindako bi kontzertuak definitzeko hitz gakoa.

Labur-labur, hementxe dituzu egun horietako zenbait irudi:

https://plus.google.com/104279413502959475783/stories/5d6fb6f4-5a76-3c4f...

Ikasturtea agurtzeko... Musika!!

Prest ditu TOBERA Musika-eskolak ikasturte-amaierako jaialdiak. Zegaman ekainaren 16an izango da, asteartea, eta Seguran 18an. Bi kasuetan herriko plazan izango da ikasleen emanaldia.

Haurren eta gazteen abesbatza osatuko du TOBERAk Seguran datorren ikasturtean

Gazteen abesbatza berri batean hasi nahi baduzu, horretarakoxe aukera izango duzu irailetik aurrera TOBERA Musika-eskolari esker. Izenemate-epea ireki du TOBERAk datorren ikasturterako ikasle guztientzat, eta badira tartean berrikuntzak. Adibidez, Seguran, abesbatza ikasteko modua integratu du eskaintzan TOBERAk.

Ikasleak grabazio-estudioan izan dira

Bigarren aldia izan dute ikasturte honetan ikasleek grabazio-estudio profesionalean sartzen. Azaroan Pirritx, Porrotx eta Marimototsen hiru kanta grabatu bazituzten, oraingoan, musika-eskolaren beraren ekimenez, 'Lambada' doinuan oinarritutako moldaketa grabatu dute hainbat ikaslek. Maiatzaren 16a, larunbata, oso osorik eman dute Pottoko Studioan grabatzen.

AMPO kooperatiba TOBERAri bultzada ematen. Mila esker!

Ampo balbulak fabrikatzen eta saltzen dituen kooperatiba da, eta bere egoitza soziala Idiazabalen dago. Zegamako, Segurako, Zeraingo eta Mutiloako TOBERA Musika-eskolak herriotan musikaren arloan egiten duen kultura- eta gizarte-jarduera aintzat hartuta, kooperatibako Kontseilu Sozialak gure ikastegiari diru-laguntza ematea erabaki du aurten aurrenekoz. Izan ere, musika-eskola erronka berritan murgilduta dabil azkenaldian (grabazio-estudiotara eramaten ikasleak, eskualdetik kanpora jaialdiak eskaintzen, e.a.), eta horiei tinko heltzeko apustua bultzatu nahi izan du horrela kooperatibak.

Orriak

RSS - blogak-rako harpidetza egin