Hasiera

Blogak

Musika ikasi nahi dut!

Eman izena TOBERA Musika-eskolan eta 2016ko irailetik aurrera instrumentu bat jotzen hasiko zara, taldean abesten edo dantzan. Zuk nahi duzuna egin ahal izango duzu: musika jo, mugimendua eta psikomotrizitatea landu, norberaren gorputza hobeto ezagutu, gaitasunak eta ahalmenak zorroztu, irudimena eta sormena areagotu... amestu... lortu... zabaldu... eta zoriontsuago bizi!

EMUSIK 2016 irekiera-ekitaldian izan da TOBERA

Musika-eskolen Europako Elkarteak (EMUk) antolatzen du EMUSIK, Musika-eskolen Europako Jaialdia. Aurten Donostian izan da jaialdiaren hamabigarren edizioa, Donostiaren kultura-hiriburutzaren barruan. Iaz, 2015ean, Anoeta estadioan egin zen jaialdiaren irekiera-ekitaldirako entsegu nagusia, eta bertara joan ziren TOBERA Musika-eskolako txistuko eta gitarrako zenbait ikasle. Oraingoan, maiatzaren 6an, irekiera-ekitaldian bertan ere, Ilunben izan dira gure musika-eskolako 3 ikasle, eskolako irakasleetako batek -Rosamari Iturriozek- lagunduta. Ostiral goiza izaki, ez dute parte hartzerik izan entsegu orokorrean aritutako ikasle guztiek, eta Amaiur Berasategi eta Laida Arrondo izan dira musika-eskola ordezkatzen txistuarekin, eta Arantxa Ortiz gitarrarekin. Ordiziako musika-eskolako ikasleekin batera egin dute Donostiarako joan-etorria. Ekitaldi berezia bezain "hunkigarria" bizi ahal izan dute. Izan ere, nazioarteko 4.000 musika-ikasle inguru eta Euskal Herriko beste 4.500 bat elkartu ditu EMUSIK jaialdiaren inaugurazio-saioak Ilunben.

Aurtengo Dantzari Txiki Eguneko argazkiak ikusi nahi al dituzu?

Igandean, apirilaren 24an, 200 dantzari eta musikari elkartu zituen TOBERA Musika-eskolak Zegaman ospatutako Dantzari Txiki Egunak. Eguneko antolaketa-plangintza aldatzera behartu bazuen ere eguraldiak, fin aritu ziren Aurtzakako, Azpillako eta TOBERAko kideak. Eskerrik asko guztioi!

Hementxe dituzue eguneko argazkiak ikusgai, oroigarri modura:

Euskal Herriko Trikiti Egunean izan dira TOBERAko ikasleak

Beasainen ospatu da aurten Euskal Herriko trikitilarien jai nagusia, apirilaren 23an, larunbata. Garai bateko ohitura da Euskal Herriko trikitilariak urtean behin elkartzearena, baina, festaren bertsio berrian, ikasleak dira batez ere partaide. Aipatu bertsio berri horretan, Durangon, Bergaran eta Zarautzen egin dira aurreko jaiak, bi urtez behin.
Goizeko 11etan hamaiketakorako elkartu, eta 11:30ean irten ziren trikitilariak herriko kaleetan zehar. TOBERAtik trikiti- eta pandero-ikasleak joatez gain, perkusioko ikasleren bat ere joan zen.

Dantzari Txiki Eguna Zegaman apirilaren 24an

Igande honetan 200 dantzari eta musikari gazte baino gehiago elkartuko dira TOBERA Musika-eskolak Zegaman antolatutako Dantzari Txiki egunean. Euskal dantzak sustatzeko eta herri-giroa suspertzeko jaialdia izango da, herri osoan zehar kalejira eta geldialdiak egingo dituena, goizeko 11tan hasita. Azken saio nagusia plazan bertan izango da, udaletxearen aurrean, eguerdiko ordubatetik aurrera. Dantzari guztiak elkarrekin dantzan ikusteko aukera egongo da orduan.

Segurako Azpilla eta Beasaingo Aurtzaka taldea etorriko dira gurera egun horretan.

Egizu jauzi TOBERAtik ETB1era!

PAUSOKA Entertainment telebistarako saioen produkzio-etxea Go!azen komedia musikalaren atal berriak grabatzera doa ETB 1erako. Telesailak arrakasta handia izan zuen orain arteko denboraldi bakarrean, duela urte dezente. Gerora, errepikapenak eman dira. Telesaila nolakoa zen gogoratzeko, EITB "nahieran" plataforman online ikusteko aukera duzue.

Uda honetan bertan grabatuko dituzte atal berriak, eta NESKA ETA MUTIL GAZTEAK behar dituzte (16-22 urte), KANTATZEN ETA DANTZA EGITEN DAKITENAK.

Musikaren Hamabostaldirako motorrak berotzen

Apirilaren 18tik maiatzaren 1era bitarteko bi asteetan, 15 proposamen tentagarri metatu ditu Mutiloako, Segurako, Zegamako eta Zeraingo Tobera Musika-eskolak. Aurrez. Atzegi elkartearen bitartez, 2 tailer eskaini zaizkie ikasleei eta herritarrei. Lehenengoa apirilaren 5ean izan da Zegamako kultura-etxean. Aurreikuspenek gainezka egin, eta kultura-etxeko Oria aretoa ia txiki geratu da bertaratutako 50 lagunak hartzeko.

Zegamako Erlezainen Egunean aritu dira gure ikasleak

Apirilaren 3an, igandez, Erlezainen Eguna ospatu zen Zegaman. Azoka, erakustaldi eta bestelako osagaien artean, omenaldia egin zitzaien zenbait erlezaini. 'Agurra' dantzatu zieten TOBERAko Nora Etxezarreta, Haitz Goia eta Nahia Jimenez dantza-ikasleek, eta txistuko zenbait ikaslek txistularien bandarekin batera jo zuten, bai omenaldian, bai egunean zeharreko kalejiran.

Orriak

RSS - blogak-rako harpidetza egin