Hasiera

orokorra

Musika ikasi nahi dut!

Eman izena TOBERA Musika-eskolan eta 2016ko irailetik aurrera instrumentu bat jotzen hasiko zara, taldean abesten edo dantzan. Zuk nahi duzuna egin ahal izango duzu: musika jo, mugimendua eta psikomotrizitatea landu, norberaren gorputza hobeto ezagutu, gaitasunak eta ahalmenak zorroztu, irudimena eta sormena areagotu... amestu... lortu... zabaldu... eta zoriontsuago bizi!

EMUSIK 2016 irekiera-ekitaldian izan da TOBERA

Musika-eskolen Europako Elkarteak (EMUk) antolatzen du EMUSIK, Musika-eskolen Europako Jaialdia. Aurten Donostian izan da jaialdiaren hamabigarren edizioa, Donostiaren kultura-hiriburutzaren barruan. Iaz, 2015ean, Anoeta estadioan egin zen jaialdiaren irekiera-ekitaldirako entsegu nagusia, eta bertara joan ziren TOBERA Musika-eskolako txistuko eta gitarrako zenbait ikasle. Oraingoan, maiatzaren 6an, irekiera-ekitaldian bertan ere, Ilunben izan dira gure musika-eskolako 3 ikasle, eskolako irakasleetako batek -Rosamari Iturriozek- lagunduta. Ostiral goiza izaki, ez dute parte hartzerik izan entsegu orokorrean aritutako ikasle guztiek, eta Amaiur Berasategi eta Laida Arrondo izan dira musika-eskola ordezkatzen txistuarekin, eta Arantxa Ortiz gitarrarekin. Ordiziako musika-eskolako ikasleekin batera egin dute Donostiarako joan-etorria. Ekitaldi berezia bezain "hunkigarria" bizi ahal izan dute. Izan ere, nazioarteko 4.000 musika-ikasle inguru eta Euskal Herriko beste 4.500 bat elkartu ditu EMUSIK jaialdiaren inaugurazio-saioak Ilunben.

Kontserbatorioko ikasketei buruzko informazioa bertatik bertara jasotzeko aukera

Musika-eskolan ikasitakoa ofizializatzeko modua ematen du musika-kontserbatorio batean izena emateak. Musika-eskolek musika-zaletasunaren alde egiten duten lanaren eta Musikene bezalako Goi-mailako Musika-ikastegiek profesionalizazioaren alde egiten dutenaren arteko erdibide modukoa izango litzateke kontserbatorioak ahalbidetzen duena. TOBERAtik fisikoki gertuen dagoen musika-kontserbatorioa Donostiako Francisco Escudero da. Laster, bertako eskaintza ezagutzeko aukera paregabea egongo da. Baina, hori bai, horretarako, izena eman beharra dago. Beraz, ez zalantzarik izan, zoaz eta eskuratu informazioa! Hemen beheko eranskinetan dituzu argibideak eta izena emateko orria. Azalpen gehigarriak beharko bazenitu, prest gaituzu TOBERAn laguntzeko.

Kontserbatorioaren webgunean informazio guztiz osatua dago (ikasketa-planak, dedikazioak, sarrera-probak...): www.conservatorioescudero.eus

Gure Esku Dago

Gure Esku Dago dinamikak Segurako taldeak eta elkarteak deitu zituen otsailean elkarrekin giza-katea egiteko herrian bertan. TOBERA Musika-eskolak, herriko hainbat elkarte eta erakunderekin batera, parte hartu zuen ekimen horretan.

Ate irekien egunak Musikenen, Donostian dagoen Goi-mailako Musika-ikastegian

MUSIKENE Euskal Herriko Goi-mailako Musika-ikastegia da. 2016. urteko otsailean eta martxoan, Musikene ikastegian irakasten diren espezialitateei buruzko ate irekien hainbat jardunaldi egingo dira.

ORKLI Kooperatiba-elkartea TOBERAri bultzada ematen. Mila esker!

Orkli berokuntzarako, etxeko ur berorako, ur-beroketarako eta etxetresna elektrikoetarako osagaiak fabrikatzen eta saltzen dituen enpresa da, eta bere egoitza soziala Ordizian dago. Zegamako, Segurako, Zeraingo eta Mutiloako TOBERA Musika-eskolak herriotan musikaren arloan egiten duen kultura- eta gizarte-jarduera aintzat hartuta, kooperatibako Kontseilu Sozialak gure ikastegiari diru-laguntza ematea erabaki du beste behin.

Emakumeen Mundu-martxarekin bat

Emakumeen Mundu-martxa mugimendua ekimenak biltzen dabil azkenaldian gure inguruan, eta horietako bat Seguran irailaren 12an egindakoa izan da. Bertan, aspaldiko lixibaleku batean egin da ekitaldi xumea, eta mugimenduari atxikimendua eman dion herriko elkarte bakoitzak landare bana landatu du bere babesaren adierazgarri. Babesleen artean egon da Tobera Musika-eskola ere, eta lehendakaria bera izan da eskolaren izenean landarea jartzeaz arduratu dena.

Haurren eta gazteen abesbatza osatuko du TOBERAk Seguran datorren ikasturtean

Gazteen abesbatza berri batean hasi nahi baduzu, horretarakoxe aukera izango duzu irailetik aurrera TOBERA Musika-eskolari esker. Izenemate-epea ireki du TOBERAk datorren ikasturterako ikasle guztientzat, eta badira tartean berrikuntzak. Adibidez, Seguran, abesbatza ikasteko modua integratu du eskaintzan TOBERAk.

Orriak

RSS - orokorra-rako harpidetza egin