Hasiera

Blogak

Koronabirusa dela eta, bertan behera geratuko dira eskolak eta zenbait ekintza TOBERA Musika-eskolan

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren jarraibideei jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe guztietan aurrez aurreko eskola-jarduera aldi batez etetea erabaki da. TOBERA Musika-eskola ez dago hor esandakoei derrigor lotuta, eta Jaurlaritzaren esana gomendioa baino ez da guretzat, izan ere, musika-eskola bakoitzarena da jarduteko erabakia. Dena den, TOBERA Musika-eskolako Zuzendaritza-batzordeko kideek erabaki dute prozedura hori bera erabiltzea gurean ere.

Musika-kontserbatorio bat gertutik ezagutu nahi al duzu?

  • Francisco Escudero kontserbatoriora sartzeko gogoa baduzu, “Ate irekien astean” hurbil zaitez hara.
  • NOIZ: 2020ko martxoaren 23tik 27ra.
    IZEN-EMATEA: 2020ko martxoaren 3tik 17ra. Nola eman izena? hara hemen aukerako bi bideak:
  • - Bulegoan, bertara joaten edo telefonoz deitzen honako ordutegi honetan: Astelehenetik ostegunera: 9,00-13,00 eta 15,00-16,30; ostiraletan 09,00-14,00 bitarte.

- E-mailez: oficina@conservatorioescudero.eus

Zatoz musikaren handitasuna gurekin ospatzera: TOBERAren Musikaren Hamabostaldia bertan da!

Entzunaldiak, erakustaldiak, dantza-saioak, Elkartrukea Azkoitiko musika-eskolarekin, Dantzari Txiki Eguna, jubilatuen eta gazteen arteko harremana musikaren bitartez... Betea-betea datorkigu Musikaren Hamabostaldiaren aurtengo edizioa. Martxoaren 23tik apirilaren 2ra, makina bat ekintza Zegama eta Segura suspertzeko!

Ate Irekien Jardunaldiak Musikenen

Musikene Euskal Herriko Goi-mailako Musika Kontserbatorioa da. Donostian dago fakultatea, eta musika-ikasketa profesionalak egin nahi dituztenei bideratua da. 2020. urteko otsailean eta martxoan zehar Musikenen irakasten diren espezialitateen inguruko ate irekien jardunaldiak egingo dira.

Otsailaren 8-9ko asteburuan egingo den piano-jaialdirako ari dira prestatzen TOBERAko 16 ikasle

Andoaingo Piano-jaialdiaren 15. edizioa egingo da otsailaren 8ko eta 9ko asteburuan, Andoaingo Bastero Kulturgunean. Urtero hartu izan dute parte jaialdi horretan TOBERAko piano-ikasleek, eta aurten ere hala izango da.

Diru-laguntza pribatuek ere sostengatzen dute TOBERAren proiektua. Eskerrik asko, Orkli!

orkli kooperatibaren logotipoaGoierriko zenbait enpresaren diru-laguntza guztiz lagungarria da Seguran, Zegaman, Zerainen eta Mutiloan musikako eta euskal dantzatako eskolak eman ahal izateko. Diru-laguntza horiek, Eusko Jaurlaritzaren eta Udalen diru-laguntzekin batera, eta ikasleek ordaintzen dituzten kuotekin batera, TOBERAren diru-iturri nagusiak osatzen dituzte.

Zer ospatua non, TOBERA han

Gertuko komunitatearekin erabateko harremanean dagoen erakundea da TOBERA. Gure herriekin, elkarteekin eta herritarrekin konprometituta gaude. Horregatik, ez da zaila TOBERAko ikasleak topatzea musikaz edota dantzaz aberastu daitezkeen ekintzetan partaide. Abenduaren 24ko gabon-eskean halaxe izan zen, esaterako. Eta otsailaren 4ko Santa Ageda bezperako kantu-eskean ere ariko dira TOBERAko ikasleak, beste askoren artean.

Zuzendaritza-batzordeko bazkide-ordezkariak hautatzeko garaia da

Urtarrilaren 16an, osteguna, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara, TOBERA Musika-eskolako Zuzendaritza-batzordean aurrerantzean ordezkari izango diren familiak hautatzeko Hauteskundeak egingo dira. Zegamako hiru guraso/tutore edo adin nagusiko ikasle hautatu behar dira, eta beste bi Seguratik, Zeraindik, Mutiloatik eta gainerako herrietatik. Horiek, Zuzendaritzan jarraituko duten familia-ordezkariekin, udal zinegotziekin eta eskolako zuzendariarekin batera, musika-eskolako erabaki-organo horretako kide izatera pasatuko dira, bi urtez.

TOBERAk antolatuta, Errege Magoei ongi etorria Zegaman

Urteroko usadioa da. Eta aurten ere ez du hutsik egin hitzorduak. TOBERA Musika-eskolaren eskutik iritsi dira Hiru Errege Magoak Zegamara 2020an ere, opariak partitzera herritarren artean, urtean zehar izan dugun portaeraren eta jarreraren proportzioan. Urteak dira Erregeen harrera-ospakizuna antolatzea musika-eskolaren ardura dela -hasiera-hasieratik, 1997tik-, eta segizioak txistularien musika izan ohi du lagun, baita aurten ere.

Orriak

RSS - blogak-rako harpidetza egin